EKUAZIO-SISTEMAK. BURUKETAK
     
 1

Lagun-talde bat taberna batean elkartzen da. Lehen egunean, sagardo bat,  bi ardo eta garagardo bat hartzen ditu eta 4,9 € ordaintzen. Hurrengo egunean, bi sagardo, bi ardo eta garagardo bat hartzen ditu eta 6 € ordaintzen. Azken egunean, sagardo bat, ardo bat  eta hiru garagardo hartzen ditu eta 6,5 € ordaintzen. Kalkulatu zenbat balio duen edari bakoitzak.

  emaitza
     
 2

A, B eta C zenbakiek honako hau beteko dute: hiru zenbakien batura 360 da; lehenengoaren laurdena gehi bigarrenaren herena, 50; lehenengoa, beste bien batez bestekoa.

 emaitza
     
 3

Jonek 15000 € inbertitu ditu. A kopurua % 4ko interesa (urtekoa) ematen duen tokian jarria du, B kopurua, % 5ekoan, eta gainerakoa, C kopurua, %6 koan. B-n eta C-n  inbertitutakoaren batura halako bi da A kopuruan inbertitutakoa. Aurkitu A, B eta C kopuruak, Jonek jasoko dituen urteko interesak 680 € direla jakinik.

  emaitza
   
  4

Museo batean hiru erakusketa-areto daude, A, B eta C, eta horien sarrera-prezioak 2, 4 eta 5 € dira, hurrenez hurren. Egun jakin batean, hiru erakusketetara guztira 490 pertsona joan dira, eta bildutako diru-kopurua, 1700 €. Egun horretan, A aretoko bisitari-kopuruaren seirena B aretoko kopuruaren zazpirena izan da. Kalkulatu egun horretan areto bakoitzara zenbat bisitari joan den.

  emaitza
   
  5

Test batek 90 galdera ditu. Kalifikatzeko era honako hau da: zuzen erantzundako galdera bakoitzeko bi puntu gehituko dira, eta oker bakoitzeko, puntu bat kenduko. Erantzun gabeko galderak ez dute punturik gehituko, ez eta kenduko ere. Ikasle batek 80 puntu lortu ditu, eta erantzun gabeko galdera-kopurua oker erantzundakoen kopuru bera da. Zenbat galdera erantzun ditu zuzen, eta zenbat oker?

  emaitza
   
  6

Sendagai jakin bateko 4,9 kg erabiliz, hitu motako 170  pilula egin dira: handiak, ertainak eta txikiak. Pilula handiak 40 g-koak dira; ertainak, 20 g-koak; txikiak, 10 g-koak. Pilula txiki baino hiru bider gehiago pilula handi egin dira. Mota bakoitzeko zenbat pilula egin dira?

  emaitza

 

 7

Etxe batean, aitak eta bi seme-alabek amari 120 €-ko opari bat egitea pentsatu dute, eta honako era honetan ordaintzea erabaki: bi seme-alabek batera ipinitakoa halako bi ordainduko du aitak, eta semeak jarritako 3 €-ko alabak 2 € ipiniko ditu. Zenbat ipini behar du bakoitzak?

  emaitza
   
 8

Produktu bat hiru ontzi-motatan banatzen da: A, B eta C. A motako ontziak 750 g dauzka, eta prezioa 6 € da; B motako ontziak kg bat dauka, eta prezioa 8 € da; eta C motako ontziak bi kg dauzka, eta prezioa 15 € da. Kontsumitzaile batek 15 ontzi erosi ditu, denetara 17,5 kg, eta ordaindu duen prezioa 136 € da. Aurki ezazu mota bakoitzeko zenbat ontzi erosi duen. 

  emaitza

  9

Hiru laguni buruz -Manu, Ana eta Joan-, honako hau dakigu: Anaren adina,  zehazki, beste bien adinen baturaren erdia da;  Manuk egun duen adin bera zuen Joanek orain dela lau urte; Manuren adina halako bi gehi Anaren adina halako hiru handiagoa da zortzi urtez Joanen adina halako lau baino. Kalkulatu lagun bakoitzaren adina.

  emaitza
     
10

Jatetxe bateko arduradunari haragi-hornitzaileak hiru faktura pasa dizkio. Faktura horietan oilaskoaren (O), arkumearen (A) eta txekorraren (T) prezioak adierazten dira. Lehenengo fakturan, 5 kg O, 4 kg A eta 3 kg T azaltzen dira, eta 98 € kobratu diote; bigarrenean, 7 kg O, 3 kg A eta 4 kg T azaltzen dira, eta 114 € kobratu diote; eta azkenik, hirugarrenean, 3 kg O, 5 kg A eta 2 kg T azaltzen dira, eta 80 € kobratu diote. Ba al dago arrazoirik pentsatzeko hornitzaileak fakturaren bat egitean oker jokatu duela?

  emaitza